Etxean liburu berezi bat daukagu, “Karlos Arguiñano zure sukaldean”, etxean
izan genuen lehendabiziko sukaldaritzako liburua delako. Garai batez, gure liburu
nagusia izan zen, bere orrialdetatik errezeta ugari atera genituelako. Gaur
hemen azaltzen dizuegun errezeta haietako bat da, bere izena “Kuia eta ganbak pastela”
izanik.
Bi pertsonentzako platera prestatzeko osagaiak honako hauek dira:
½ kg. Kuia
8 ganba
3 arrautza
100 ml. Esne-gain
2 porrua
Tipulina erdi bat
Irina koilarakada bat
Gurina
Ura, olioa, gatza
Ezer baino lehen, aurretik labea 200 gradutara berotuko duzue. Berotzen den
bitartean, kuia kubo txikietan moztuko duzue. Labea beroa dagoenean, kuia
moztuta jarriko duzue katilu batean eta hau labean sartuko duzue, han 15
minutuz utziz 180 gradutara. Denbora hau pasa eta gero, kuia gorde ezazue eta,
hotza dagoenean, sardexka batekin zapaldu ezazue.
Segidan, porruak eta tipulina ondo garbituko dituzue. Hori eginda dagoenean,
bi gauzak txikituko dituzue eta, gero, dena jarriko duzue kazola batean
urreztatzeko. Kolore aldatzen denean, irin koilarakada bat gehituko eta
prestatzen jarraituko duzue.
Minutu pare bat pasa eta gero, urarekin estaliko duzue eta su motelean
prestatzen utziko duzue (15 edo 20 minutuz). Azkenik, dena irabiatuko duzue
irabiagailu elektrikoarekin.
Bol batean, arrautzak irabiatuko dituzue esne kremarekin. Ondo lotuta
dagoenean, kuia gehituko duzue eta ondo nahastuko duzue.
Segidan, labeko molde bat igurtziko duzue gurinarekin. Gero, kuiako eta
arrautzetako nahasketa gehi ezazue, jar itzazue barruan ganba soil eta garbiak.
Dena prest dagoenean, jar ezazue moldea Maria bainuan labean 40 minutuz 180
gradutara.
Behin epelduta, bakarrik aurkeztea falta izango zaizue eta, horretarako,
hau proposatzen dizuegu:
On egin!!