Pixkanaka-pixkanaka uda atzean geratzen ari da, hotza gure bizitzetara
bueltatuz urtero garai hauetan egiten duen moduan. Normalean, etorri behar
diren egun hotz horietan zerbait berotxoa hartzea atsegin dugu, are gehiago platera
etxean egina baldin badago eta erraza eta osasuntsua baldin bada. Horregatik,
gaur “azenario-krema” prestatzeko etxean jarraitzen dugun errezeta ekartzen
dizuegu.
Gainera, krema hau begetarianoa, beganoa edo omniboroa izan daiteke, haragi
edo arrain-saldaren ordez barazki salda erabiltzen baldin baduzue.
Krema honetako bi anoa prestatzeko hurrengo osagaiak beharko ditugu:
250 g azenario
Tipula erdia
400 ml. salda (pertsona bakoitzaren gustura)
Irin koilarakada bat
Oliba-olio birjina
Hasteko, azenarioak ondo garbituko ditugu, azala eta sustraia kenduz eta,
segidan, xerretara moztuz. Prozesu honekin amaitzen dugunean, moztutako zatiak erreserbatuko
ditugu.
Gero, tipula ondo txikituko dugu eta erreserbatuko dugu ere. Bitartean,
eltze bat jarriko dugu olio zurrutada eskuzabal batekin berotzera. Hori lortu
dugunean, tipula botako dugu eta kristaldu arte utziko dugu, hori bai, noizean
behin nahastuz.
Tipula kristalduta dagoenean, azenarioa gehituko dugu eta su motelean
prestatuko dugu 5 minutuz gutxi gora behera. Denbora hau pasatuta,
irin-koilarakada bat gehituko dugu eta ondo nahastuko dugu. Behin eginda
dagoenean, salda gehituko dugu eta su erdietan utziko dugu 15 minutuz. Azkenik,
sutatik kenduko dugu.
Azkenik, osagaiak ondo irabiatuko ditugu beso-irabiagailua erabiliz krema
homogeneo bat lortu arte. Krema hau aurkezteko, katilu bat edo plater bat
aukera dezakezue, emaitza horrelakoa izanda:
On egin!