2017-07-16

Bakailao brandadako piper beteak



Gure esparru txikitxoa denbora pilo bat eguneratu gabe egon eta gero, gaur bueltan gaude errezeta berri batekin, protagonista bezala bakailaoa, gure gogokoenetariko arrain bat, duena. Duela hilabete batzuk Kataluniako sukaldaritzako plater tradizionalenetako bat, “bakailao-brandada”, nola prestatzen den azaldu genizuegun, eta gaur errezeta horri beste ikuspegi bat emango diogu, baita zapore berri bat ere.

Bai, gaur “Bakailao brandadako piper beteak” prestatuko ditugu. Hau da, hasiera batean esparru honetara plater nagusi bat prestatzeko ekarri genuen errezetarekin, erabilera anitzak izan ahal dituen beste batera pasatzen gara, bai plater nagusi bezala baita pintxo batzuk prestatzeko egokia izanik.

Bi anoetarako hurrengo osagaiak behar izango ditugu:

Pikilloko 12 piper
100 g tomate birrindua
Baratxuri atal bat
Gazta birrinduta

Lehendabizi egingo duguna brandada prestatzea izango da, eta, horretarako, egin behar duzuena da esparru honetan zuekin partekatu genuen eta lotura honetantopatuko duzuen errezeta miresgarria jarraitu (kar kar).

Brandada prest dagoenean, eltze txiki bat hartuko dugu eta bere barnean 4 pikillo moztuta, baratxuri atala ondo txikituta eta tomatea botako ditugu, nahasketa su motelean 20 minutuz sueztitzen utziz. Denbora hau pasatu eta gero, osagaiak irabiagailuaren basora pasatuko ditugu, nahasketa saltsa baten antza izan arte irabiatuz eta, amaitu bezain pronto, prestakina gordeko dugu.

Zartagin handi batean oliba-olio txorrotada bat jarriko dugu eta su ertainetara utziko dugu. Olioa beroa dagoenean pikilloak jarriko ditugu, eta sutan minutu pare batez alde bakoitzetik gutxi gora behera izango ditugu, eginak egon bezain pronto sutatik kenduz piperrak gordetzeko asmoarekin.

Azkenik, koilaratxo baten edo gozogintza-mahuka baten laguntzarekin pikilloak brandadaz beteko ditugu eta laberako egokia den katilu batean ipiniko ditugu. Segidan, lehen prestatu dugun saltsarekin eta birrindutako gazta pixka batekin estaliko ditugu.

Minutu batzuk gainerretzen utzi eta gero, gure piperrak zerbitzatzeko prest egongo dira.

Bakailao brandadako piper beteak


On egin!!