2014-06-30

Kuia krema


Gaur “Kuia kremaren” errezeta ekartzen dizuegu, oso erraza eta azkarra izateagatik azpimarragarria dena. Ziur gaude, gainera, pertsona gehienen gustukoa izango dela.

Hurrengo osagaiak erabiliko ditugu bi anoetarako:

750 g. kuia (azalik eta hazirik gabekoa)
Tipula erdia
100 ml. Ura
Olioa
Gatza
Piperbeltza (aukerakoa)

Lehen komentatu dizuegun moduan, errezeta hau prestatzea oso erraza da.

Egingo dugun lehendabiziko gauza eltze azkar bat sutan ipintzea izango da, olio zorrotadatxo batekin batera. Olioa beroa dagoenean tipula txikituta gehituko dugu. Tipula kolorez aldatu denean, kuia kuboz moztuta gehituko dugu, ura eta gatza pixka bat botatzen aldi berean. Hori eginda daukagunean, eltzea itxiko dugu eta 5 minutuz utziko dugu irakinez.

Bakarrik gauza bat falta zaigu, eltzea sutatik erretiratzea eta noski, irabiagailu elektrikoa erabiliz barazkiak xehatzea.

Nahi izatekotan, puntu honetan piperbeltza pixka bat bota dezakezue (puntu berezi bat eman dio kremari).

Hau da emaitza posible bat:

Kuia kremako anoa bat
Kuia kremako anoa bat


On egin!!

2014-06-16

Arrautza puskatuak gulak eta izokin ketua txirbilekin

Oroitzen zarete orain dela hilabete batzuk gune honetan aurkeztu genituen arrautzengatik? Bai, ezta? “Arrautza puskatuak urdaiazpiko txirbilekin” prestatzeko erabili genuen errezeta primerakoa da, zaporetsua, erraza, berezia…

Aurreko egunean, etxean pentsatzen geundela, errezetari buelta bat ematea erabaki genuen, eta urdaiazpikoa itsasoko osagai pare batengatik aldatzea erabaki genuen. Eta lortu genuen emaitza hain berezia iruditu zitzaigunez, errezeta esparru honetan argitaratzea erabaki dugu.

Errezeta hau egiteko bi pertsonentzat, hurrengo osagaiak erabiliko ditugu:

4 Arrautza
2 Patata handia
150 g gula
100 g izokin ketua moztuta
Pipermin bat
Baratxuri atal bat
Gatza
Olioa

Lehenengo urratsa patatak zuritzea da eta, hori egin eta gero, patatak garbituko ditugu  geroxeago makilatxoetan moztuz. Bitartean, zartagin bat olio askorekin sutan ipiniko dugu, olioa berotu arte.

Olioa beroa dagoenean, patatak zartaginean ipiniko ditugu behar bezala urreztatu arte, hori bai, noizean behin nahasteaz ez zarete ahaztu behar. Patatak urreztatuak daudenean, plateretan banatuko ditugu.

Soberako oliotan, zerrendetara moztutako pipermina eta baratxuri atala jarriko ditugu. Apur bat urreztatzen direnean, “gulak” gehituko ditugu eta minutu pare batez sutan mantenduko ditugu. Azkenean, gulak sutatik aldenduta pataten gainean jarriko ditugu. Gauza bera egingo dugu izokin ketuarekin (Kontuz! Osagai hau zartaginetik ez duzue pasatu behar!).

Momentu honetan azken urratsa falta zaigu, bai, arrautzak frijitzea.

Arrautzak frijitzeko, zartagin bat olio askorekin jarriko dugu sutan. Olioa beroa dagoenean, arrautza bat bota zartaginean gatz pittin batekin eta suan utziko dugu arrautza ondo frijitu arte. Hori gertatzen denean, arrautza kenduko dugu sutik espatula bat erabiliz eta pataten gainean arrautza frijitua jarriko dugu. Urrats hori egin beharko dugu arrautza bakoitzarekin.

Bakarrik gauza bat falta zaigu errezeta amaitzeko, arrautzak puskatzea. Eta hori egiteko metodo pilo bat dugu, guk erabiliko dugu koilara bat. Bai, ondo irakurri duzue... koilarekin arrautzak moztuko ditugu eta gero guztia nahastuko dugu.

Eta hau da, emaitza posible bat:

Arrautza puskatuak gulak eta izokin ketua txirbilekin



On egin!!