2012-06-29

Tiramisu


Azken postean esan zintuztedanez, nire jabeei janari italiarra asko gustatzen zaie, eta noizean behin, plater italiar bat prestatzen dute bazkaltzeko edota afaltzeko. Ez dakit, baina agian, egun batean plater berezi bat prestatuko didate, baina... orain arte, nahiz eta plater pilo bat saiatu (pizzak, pastak, arrozak, etab), beti esaten didate: “hau ez da katutxo berekoientzat...”

Janari italiarreko errezetekin jarraituz, gaur postre goxo bat azalduko dizuet, “Tiramisu” deitzen da.

Entzun nuen arabera, “Tiramisu”a egiteko, errezeta pilo bat aurki dezakezue, baina beno, nirea (bai, nire jabeek egiten dute, baina nirea da, meh meh meh!!) oso erraza eta goxoa da.

Haiek, hurrengo osagaik erabili zituzten:

3 Gorringo
2 Zuringo
100 gr. azukrea
250 gr. mascarpone (gazta)
100 gr. bizkotxoa
150 gr. txokolate beltza
150 ml. Kafea
Hautseztatzeko kakaoa

Lehenengo urratsa kafe bat prestatzea izango da (kontuz, ez da hartzeko… hartu nahi  baduzue, bi kafe prestatu beharko dituzue, meh meh meh!). Kafea memento bat gorde ezazue.

Bol batean, zuringoak jarriko dituzue gazta pixka batekin eta, irabiagailu elektrikoaren laguntzarekin, elur-punturaino irabiatuko duzue. Hori eginda daukazuenean, elur-puntuari atseden hartzea utziko diozue minutu pare bat.

Bitartean, beste bol txikiago batean, azukrea eta gorringoak ipiniko dituzue eta eskuko irabiagailuarekin, ondo nahastu beharko duzue, ore krematsu eta erregularra lortu arte. Ore horrekin, mascarponea nahastuko duzue, berriro ore krematsu eta erregularra lortu arte.

Honaino, guztia ondo? Bai, ezta? Beno, bakarrik falta zaizue platera prestatzea…

Bizkotxo bat hartuko duzue eta kafean bustiko duzue (kontuz, bakarrik pixka bat) eta katilu batean ipiniko duzue (molde bat aurkezteko... edo zerbait polita). Urrats hau errepikatu beharko duzue oinarria osatu arte, jarraian, goian mascarponeko orea zabalduko duzue. Lehenengo maila bukatzeko, txokolate beltza birrindua bota beharko duzue.

Erraza, ezta? Bai... Beno, azken urrats hauek errepikatu beharko dituzue moldea bete arte, hori bai, mascarpone geruza batekin amaituko duzue eta gainean, txokolate pixka bat hautseztatuta botako duzue.

Hau da emaitza posible bat:



Postre hau goxo-goxoa da, gainera, amaiera bikaina da edozein afari edo bazkarirako.

2012-06-16

Rissoto perretxiko eta neguko boilurrarekin


Beno, beno, beno, badakizue nire jabeei janari italiarra asko gustatzen zaiela, baina azken bolada honetan zerbait arraroa gertatzen ari da etxean, ia-ia astero plater italiar bat prestatzen dutelako. Aste honetan arrozari txanda egokitu zaio, “rissotto”ari hain zuzen ere.

Errezeta pilo bat daukate nire jabeek eta agian, poliki-poliki aurkeztuko dizkizuet , gaur “Rissoto perretxiko eta neguko boilurrarekin” aukeratu dut. Hunkigarria, ezta?

Bi pertzonentzat egin zutenez platera, haiek honako osagaiak erabili zituzten:

180 gr. “arboreo” arroza.
15 gr. Neguko boilurra
700 ml. Oilasko salda (edo arrain salda)
Tipulin bat
Baratxuri-atal bat
100 ml. Ardo zuria
180 gr. Perretxiko (edo txanpiñoi)
40 gr. Gazta parmesanoa
Piper beltza
Olioa
Gatza

Hasteko arroza garbitu behar duzue. Gero, baratxuri-atala eta tipulina lumatu eta zatitu behar dituzue eta, hori eginda daukazuenean, perretxikoak (edo txanpiñoiak)  garbitu eta zatituko dituzue. Bitartean, salda sutan jarriko duzue.

Kazola batean, olio zorrotada bat botako duzue. Beroa dagoenean, tipulina ipiniko duzue eta han utziz ondo egosi arte. Memento horretan, ardoa, baratxuri-atala eta perretxikoak gehituko dituzue.

Kazolako ardoa lurrundu dagoenean, arroza eta gutxi gora behera saldaren herena gehitu beharko duzue. Dirudienez, urrats hau garrantzitsua da, beraz, arreta ipini behar duzue, soingaineko, errezeta egiten ari zarete...  Salda ia desagertu denean, beste heren bat gehituko duzue. Azken herena, gazta parmesanoa eta neguko boilur birrindua bota beharko duzue.




Bost minutu geroago, sua itzali eta kazola estali beharko duzue eta ia-ia “rissotto”a egina egongo da... krematsua... zaporetsua ... hmmm!!

Ez da zaila, ezta?

Emaitza hau da:

 
Plater hau primeran dago, edo gutxienez hori esan zuten bai nire jabeek, baita haien gonbidatuak ere.

2012-06-07

Ginza Teppanyaki Jatetxea - Vitoria-Gasteiz


Denbora luze bat Gasteizko "Ginza Teppanyaki" jatetxera joateko asmoarekin zeramaten nire jabeak, baina jatetxea nahiko garestia denez, ideia honi bueltak ematen zizkioten, gau berezi batean joatea nahiago zutelako. Gainera, jende pilo bat esan zien ez zuela merezi jatetxe honetara joatea, bere prezioa dela eta menuak hobeagoak izan beharko zirelako.

Badakizue nire jabeei japoniar jatetxeak asko gustatzen zaizkiela, horregatik noizean behin sukaldaritza japoniarra dastatzea aukeratzen dute. Horregatik, nahiz eta kontuan izan aurreko zatian azaldu dizuedana, azkenean jatetxe bisitatzea erabaki zuten.

Lokala Gasteizen kokatuta dago, Ignacio Diaz de Olano Kaleko Lehenengo zenbakian hain zuzen ere.

Jatetxeak menu batzuk dauzka:

Astegunetan:

Eguneko menua (10 eurok eta 15 eurok bitartean balio du).

Egunero:

Dastatzeko menua (23 €),
“Teppanyaki” menua (30.5 eurok eta 48.5 eurok bitartean balio du)
Menu inperiala (26 €).

Kasu guztietan, BEZa gehitu behar da, barne ez dagoelako.

Nire jabeek menu inperiala aukeratu zuten (dastatzeko menuan sartzen ziren plater asko dakartza, bestelako platerak beste batzuengatik aldatuz) eta azkenean hurrengo gauzak jan zituzten:

  • Oilasko eta ahuakate entsalada
  • Tenpura mistoa

  • Aingira “sushi”a
  • Atun “maki”a
  • Izokin “sashimi”a

  • Bigantxa solomoa (“Teppanyaki” platera)
  • Otarrainxkak (“Teppanyaki” platera)
  • Ahate lakatua barazkiekin
  • Tagliatelle finak salteatuak

  • Postrea


Egia esateko, nire jabeek asko jan zuten eta gainera, nahiko ondo. Entzun nuenaren bezala, osagai guztiak freskoak ziren, plateren aurkezpenak primerakoa zen…

Agian “Ginza Teppanyaki” Jatetxea ez da japoniar jatetxerik onena, baina Gasteizen ez daukagu beste aukerarik, beraz, “sushi” on bat jan nahi duzue, hau da zuen jatetxea hirian.

Joan baldin nahi baduzue, hor uzten dizkizuet bai helbidea, bai telefonoa:

01008 Vitoria-Gasteiz

Tel: 945 15 87 52