2012-04-17

Barazki hostorea ganba marinatuekin


Nire jabeek afari edo bazkari berezi bat prestatu behar dutenean, beti entzuten dut esaldi berbera: “Eta… zer sarrerako platera prestatuko dugu?”.

Orain dela hilabete batzuk, interneten murgildu zirenean, erraza eta gainera erakargarria zen errezeta batekin topo egin zuten. Nola ez, nire jabe maiteek ideia hartu zuten, eta noski, nik hemen azalduko dizuet. Errezeta honi “Barazki hostorea ganba marinatuekin” izena ipini diot.

Haiek hurrengo osagaiak erabili zituzten (lau hostore egiteko):

Hostore-fresko ore bat
2 Tomate
2 Tipulin
Kuiatxo bat
12 Ganba
Limoi bat
Olioa
Erromero freskoa
Piperbeltza
Gatza


Lehendabiziko urratsa ganbak prestatzea izan zen, eta hori egiteko, nire jabeek ezer baino lehen, ganbak lumatu zituzten, geroxeago bol batean ipiniz. Jarraian, gatza, piperbeltza eta limoi zukua gehitu zituzten, eta bola 20 minutuz horrela utzi zuten.

Gero, tomatea eta kuiatxoa xaflaz eta tipulinak erditik moztu zituzten, gatza eta olioa bota zituzten eta labean jarri zuten (noski, labea aurretik berotu zuten) 15 minutuz 200 gradutara.

Barazkiak egosten ziren bitartean, hostore-fresko orea moztu zuten. Haiek lau laukizuzen atera zituzten ore batengatik.

Laukizuzen bakoitza sardexkarekin sustatu zuten labean sartu aurretik. Nire jabeek hostoreak labean hamar bat minutu utzi zituzten.

Hori eginda zeukatenean, barazkiak hostore laukien gainean banatu zituzten, guztien gainean 3 ganba ipiniz. Azken pausua hostoreak erromeroz hautseztatzea izan zen.

Bakarrik gauza bat falta zaizue, laukizuzen bakoitza labean ipintzea (220 gradutara 10 minutuz), eta kitto.

Haiek lortutako emaitza argazki honetan ikus dezakezue:


Barazki hostorea ganba marinatuekin


Ez dauka itxura txarra, ezta? Eta gainera, hau oso plater erraza eta goxo-goxoa da. Ez daukazue jateko gogorik?