Aspalditik, pastel bat prestatzerakoan gure browniaren bertsioa edo
bizkotxo bat egitea erabakitzen genuen (Erregeen roskoia alde batera uzten
baldin badugu, noski). Horregatik, duela egun batzuk, “Victoria La Tauleta”
bloga bisitatu ondoren, Ingalaterrako sukaldaritzarekin lotura argia daukan
pastel bat prestatzea aukeratu genuen, honako hau “Carrot cake”a edo
“Azenario-pastela” izanik.
Gaur bi pertsonentzako egokia den errezeta bat aurkezten dizuegu, berez,
pastel estandar bat prestatzeko asmoa izatekotan hemen agertzen diren kantitate
guztiak hirukoiztu beharko dituzue. Guk erabili genituen osagaiak hauek izan ziren:
Arrautza bat
Azenario bat
75 g irina
35 g azukrea
Legamia koilara punta bat
Gurin intxaur bat
60 ml. Oliba-olioa
Hasteko azenarioa ondo garbituko dugu, bere azala kenduz edo arraspatuz.
Hori eginda dagoenean, kubotan zatituko dugu, segidan hauek irabiagailuko
ontzian gordez. Baso berean olioa eta arrautza gehituko ditugu eta
irabiagailuarekin ondo irabiatuko dugu krema homogeneo bat lortu arte.
Bitartean, zukrea, irina eta legamia beste bol batean ipiniko ditugu eta
ondo nahastuko ditugu. Hori eginda dagoenean, azenario-krema gehituko dugu eta osagai
guztiak berriz nahastuko ditugu, osagai guztien arteko lotura egokia izan arte.
Azkenik, labea berotzera jarriko dugu. Bitartean, molde bat gurin pixka
batekin igurtziko dugu pastela jateko prest dagoenean erraztasun osoz
zerbitzatu ahal izateko. Labea 180 gradutara dagoenean moldea erdiko altueran
jarriko dugu, barrualdean utziz 40 minutuz.
Aurkezteko aukera asko ditugu: txokolate estaldura prestatzea, glas
azukreaz hautseztatzea, fruitu gorriekin
laguntzea edo labetik ateratzen den moduan uztea:
Azenario-pastela |
Bere egitura dentso eta leunarekin, azenario pastel honek etxean sorgindu
gintuen, beraz, proba dezazuela gomendatzen dizuegu.
On egin!!