Gaur toki txiki honengatik bueltatzen gara gure oinarrizko erregelekin bat
datorren errezeta batekin, hau da, erraza, zaporetsua eta osasuntsua izatea. Horretaz
gain, gaur ekartzen dizuegun platera erraza bezain aldakorra da. Hau da, bai
hotza baita beroa ere gozatu ahal izango duzue, bai hegalaburraren sasoian baita
sasoitik kanpo dagoenean ere. Gaur “hegalabur lasagna kuiatxoarekin” errezeta
aurkezten dizuegu.
Bi errazioetarako beharrezkoak diren osagaiak honako hauek dira:
6 Kaneloi edo lasagna plaka
100 g hegalabur (kontserban, freskoa, etab.)
2 arrautza gogor
Piper gorria erdia
Tipula erdia
Kuiatxo handi erdi bat
Tomate-koilarakada 1 (frijitua edo naturala)
Oreganoa
Gatza
Olioa
Lehendabizi egingo duguna kaneloi edo lasagna
plakak (segun eta zeintzuk nahiago dituzuen) prestatzea izango da. Hartarako
eltze bat ur ugariarekin sutara jarriko dugu. Irakiten hasten denean plakak
gehituko ditugu eta sutan 10 minutuz gutxi gora behera (edo fabrikatzaileak
markatzen duen denbora) mantenduko ditugu. Prest daudenean, plakak xukatuko eta
erreserbatuko ditugu.
Jarraian, piperra, tipula eta kuiatxoa txikituko ditugu dado txikietara
eta, plakekin egin dugun moduan, erreserbatuko ditugu. Barazki hauek mozten
ditugun bitartean, zartagin bat jarriko dugu sutara olio zurrusta batekin eta,
olioa beroa dagoenean, piperra eta tipula gehituko ditugu, sutan kolorea hartu
arte utziz. Segidan, kuiatxoa gehituko dugu, sua jaitsiko dugu eta zartagina
estaliko dugu. Guztira, barazkiak 15 minutuz prestatzen utziko ditugu, denbora
tarte honetan noizean behin nahastuz.
Denbora hau pasatuta, hegalaburra katilu batean izpituko dugu eta
birrindutako arrautzak gehituko ditugu,
azkenik barazkiekin nahastuz. Osagai guztiak ondo nahasterakoan gatza faltatzen
dela nabaritzekotan, pixkatxo bat gehitu ahal izango duzue.
Honen ondoren, lasagna prestatuko dugu. Hartarako, pasta-plaka bat jarriko
dugu oinarrian eta, bere gainean, barazkiak eta hegalabur nahasketaren kapa
bat. Prozesu hau errepikatuko dugu jarritako 3 plakak ipini arte. Azkenik,
azken plaka tomate frijitu pixka batekin margotuko dugu, segidan oreganoarekin
hautseztatuz.
Hemen iritsita, bi aukera ditugu: lasagna hotz bat zerbitzatu (prestatuta
dago, sinpleki gozatzera! ) edo bexamel leun bat prestatzea eta gainerretzea,
horrela:
Hegalabur lasagna kuiatxoarekin |
Etxean sorgintzen gaitu eta erraza, zaporetsua eta osasungarria denez gero,
askotan egiten dugu. Plater hau probatzera apuntatzen zarete?
On egin!!