2014-11-30

Kuia eta ganbak pastela


Etxean liburu berezi bat daukagu, “Karlos Arguiñano zure sukaldean”, etxean izan genuen lehendabiziko sukaldaritzako liburua delako. Garai batez, gure liburu nagusia izan zen, bere orrialdetatik errezeta ugari atera genituelako. Gaur hemen azaltzen dizuegun errezeta haietako bat da, bere izena “Kuia eta ganbak pastela” izanik.

Bi pertsonentzako platera prestatzeko osagaiak honako hauek dira:

½ kg. Kuia
8 ganba
3 arrautza
100 ml. Esne-gain
2 porrua
Tipulina erdi bat
Irina koilarakada bat
Gurina
Ura, olioa, gatza 


Ezer baino lehen, aurretik labea 200 gradutara berotuko duzue. Berotzen den bitartean, kuia kubo txikietan moztuko duzue. Labea beroa dagoenean, kuia moztuta jarriko duzue katilu batean eta hau labean sartuko duzue, han 15 minutuz utziz 180 gradutara. Denbora hau pasa eta gero, kuia gorde ezazue eta, hotza dagoenean, sardexka batekin zapaldu ezazue.

Segidan, porruak eta tipulina ondo garbituko dituzue. Hori eginda dagoenean, bi gauzak txikituko dituzue eta, gero, dena jarriko duzue kazola batean urreztatzeko. Kolore aldatzen denean, irin koilarakada bat gehituko eta prestatzen jarraituko duzue.

Minutu pare bat pasa eta gero, urarekin estaliko duzue eta su motelean prestatzen utziko duzue (15 edo 20 minutuz). Azkenik, dena irabiatuko duzue irabiagailu elektrikoarekin.

Bol batean, arrautzak irabiatuko dituzue esne kremarekin. Ondo lotuta dagoenean, kuia gehituko duzue eta ondo nahastuko duzue.

Segidan, labeko molde bat igurtziko duzue gurinarekin. Gero, kuiako eta arrautzetako nahasketa gehi ezazue, jar itzazue barruan ganba soil eta garbiak. Dena prest dagoenean, jar ezazue moldea Maria bainuan labean 40 minutuz 180 gradutara.

Behin epelduta, bakarrik aurkeztea falta izango zaizue eta, horretarako, hau proposatzen dizuegu:

Kuia eta ganbak pastela


On egin!!

No hay comentarios: