2011-10-25

Saltimbocca alla romana


Zelako izen iradokitzailea daukan platera, ezta? “Saltimbocca”... hmm!! Eta nik, pasa den igandean gauza bera nahi nuen... platerak jauzi bat eman zezala nire ahorantz, baina noski, platerak ez zen mugitu, eta ni platerari sakonki begiratzen nengoen bitartean.

Nire jabeek errezeta Erromatik atera zuten, Trastevere izeneko auzotik hain zuzen ere. Asko gustatu zitzaien, eta noski, errezeta bilatu zuten eta bi aldiz pentsatu gabe, pasa den igandean egin zuten.

Oso, oso erraza da gaurko errezeta, benetan. Erraza bezain goxoa...

Beno, haiek hurrengo osagaiak erabili zituzten:

2 bigantxa-xerra
2 urdaiazpiko ondu xerra
4 salbia-orri (edo albaka)
Irina
Gatza
Piperra


Lehenik eta behin, bigantxa-xerrak eta urdaiazpiko-xerrak moztuko dituzue tamaina berberean (adibidez, urdaiazpiko-xerra erdi).

Bigantxa-xerra lodiak baldin badira, pixka bat zapaldu dezakezue arrabol batekin. Gero, bigantxa-xerra bat, urdaiazpiko-xerra bat eta salbia-orri bat hartu behar dituzue, eta dena finkatu behar duzue zotz batekin.

Hori eginda dagoenean, bakarrik gauza falta zaizue: bigantxa-xerrak frijitu. Hori bai, irineztatu behar dituzue, frijitu baino lehen.

Amaitzeko, saltsa leun bat prestatu dezakezue zaporea bultzatzeko. Saltsa hau egiteko zartaginean irina koilarakada bat botako duzue eta ondo irabiatu beharko duzue. Ondo irabiatuta dagoenean, edalontzi ardo bat (edo haragi-salda)  gehituko duzue, eta noski, berriro irabiatzera, saltsa lodia lortu arte.

Zer iruditzen zaizue emaitza?


Ikusi dezakezuen arabera, nire jabeek “saltimbocca” barazki frijituekin jan zuten, baina aukera gehiago dauzkazue, adibidez patatekin (bai frijituak bai egosiak) edo, nola ez, kimu bigunetako entsalada batekin.


2011-10-13

Restaurante Baskonia - Vitoria-Gasteiz

Bat-batean arraroa iruditu zitzaidan... haiek bingo batean? Eta gainera, jateko? Uff!, ia ezinezkoa dirudi!!  Baina beno, hori egin zuten pasaden abuztuan Sevillatik etorri zirenean eta noski, ni bitartean etxean pentsua jaten geratu nintzen...

Egia esateko, jatetxea pixka bat bitxia da, hau da, jantokia bingo aretoa aldi berean da. Beno, aldi berean ez (hmmm! Agian... dibertigarria izango litzateke... meh meh meh!!), bingoa arratsaldeko bostetan hasten da eta hasi baino lehen zerbitzariek jatetxeko azken bezeroak kaleratzen dituzte.

Barkatu? Ah bai, ai ahaztu zait, jatetxearen izena “Restaurante Baskonia” da eta Gasteizko bihotzean kokatua dago, Gasteizko hiribideko 77garren zenbakian, hain zuzen ere.

Jatetxeak bakarrik eguneko menua dauka, hori bai, lanegunak zein jaiegunak, eta gainera menu guztiak arrazoizko prezio bat daukatela uste dut (lanegunetan menuak 11 euro balio du, eta jaiegunetan 19€).

Prezioak gustatzen zaizkizue? Orduan, kontatuko dizuet asko gustatuko zaizuen gauza bat... hmm... nahiz eta plater guztiak tradizionalak izan, ardura handiz aurkeztuak daude.

Haiek bingora joan ziren pasa den abuztuan (igande batean, uste dut 7an izan zela baina... ez nago ziur) eta esan zuten arabera, oso ondo jan zuten.

Menua, gutxi gora behera, hau izan zen:

  • Bakailao eta ganba budina saltsa berezi batekin apainduta Pedro Ximenez murriztapenarekin.
  • Ahuntz-gazta eta garaiko perretxiko entsalada.
  • Etxeko hostorea boletus eta tipula karamelatuaz beteta.. ahh! Eta urdaiazpiko iberikoko txirbilekin.
  • Txuletoi txingarretan idiazabal leuna saltsarekin, Maldon gatzaren kristalak eta herriko piper berdeekin.
  • Etxeko Goxua.
  • Mota askotariko izozkiak.
  • Kafea.
 
Egia esateko, oso ondo jan zuten Bingoan. Nire jabeen arabera, toki hau oso gomendagarria da egunero kanpoan jan behar duten pertsonentzat, prezioa, jasotzen dugun kalitatearekin batera, oso ona delako. Horretaz gain, plateretan ekartzen duten janari kopurua harrigarria da, eta prestatzen dituzten aurkezpenak ere oso ondo daude. Hori bai, nire jabeen ustez, jatetxe hau ez da egokia ospakizun berezi bat antolatzeko, bere giroa zahar itxura daukalako eta, horretaz gain, jantokiaren giroa isila ez delako, eta hizketan aritu behar baldin bazarete, oihukatzen amaituko duzue jaten duzuen bitartean.

Badaezpada, haren datuak utziko dizuet:

01009 Gasteiz
Telefonoa:  945-243-353

2011-09-06

Sevillatik tapak jaten

Inbidia? Ba ez pentsa, beno agian, pixka bat bai... Izan ere, aurten nire jabeek bi ihesaldi antolatu dituzte: pasa den uztailean Madrilera joan ziren, eta abuztu honetan hegazkina hartu zuten eta Sevillaraino joan ziren turismoa egiteko asmoarekin. Baina zelako aurpegia daukaten!! Eta niri zergatik ez naute eramaten inora? Mundua ezagutzeko eskubidea dudala uste dut nik!! Hau berriro egiten baldin badute, haien aurpegia marratzeko beharra izango dut, meh meh meh!

Beno, harira. Hasieran, ihesaldi bat behar zutela aurten opor gutxi edukiko zituztelako esan zuten. Horretaz gain, eskaintza berezia aurkitu zutela adierazi zuten beste aitzaki bat izateko eta, bitartean, nik guztia interes handiarekin ikertu nuen nire mendekua ahalik eta hoberen prestatzeko... Baina azkenik, beti bezala, haiek bidaiatzera joan ziren, eta etxeko katutxo maitagarria (hau da, ni) etxean, pintxorik gabe geratu nintzen.

Azkenean Sevillara joan ziren ostiral batean eta igandean etxera bueltatu ziren eta, nahiz eta bi egun bakarrik egon, nire ustez primeran ibili ziren.

Baina beno, txoko hau sukaldaritzari buruzkoa da, ezta? Orduan, ez dizuet esango ezer monumentuei buruz, ez. Hemen egingo dudana izango da bueltatxo bat ematea haiek Sevillan ezagutu dituzten lauzpabost sukaldeengatik, honako hauek aipagarrienak izanik.


“Bodega Santa Cruz”
Rodrigo Caro kalea, 1
41004 Sevilla

Pintoreskoa, betikoa, andaluziar-giroarekin... zer gehiago? Ah! Bai, primeran jan zuten nire jabeek... solomoa whiskira, ezkur-urdaiazpikoa, “montadito de pringá”, alberjinia eztiarekin, haragi gisatua eta askoz gehiago (eta gehienak 2 euro eta erdiren truke). Hori bai, dena primeran zegoen, gainera jatetxean giro berezi bat jariatzen da zerbitzariengatik, altzariengatik… Eta kontuak ateratzeko daukaten sistema ere bitxia da, tabernako barran klarion batekin idazten dutelako bezero bakoitzak ordaindu behar duen zenbatekoa. Egia esateko, nahitaezkoa da!!


“Restaurante La Almiranta”
Almirantazgo kalea, 2
41001 Sevilla

Jatetxe hau Sevillaren erdi aldean kokatuta dago, katedralaren aurrean hain zuzen ere. Lekuak ustekabean harrapatu zituen, Sevilla bezain beroa eta atsegina delako baina bere giroa modernoagoa da. Primeran jan zuten: etxeko kroketak, entsalada, masail apailatuta, frijituak, ahuntz gazta konfitura berezi batekin… eta ez dakit zer gehiago, baina dena oso ondo prestatuta eta oso ondo aurkeztuta zegoela dirudite nire jabeek. Sevillara joaten bazarete, zalantzarik gabe jatetxe hau aukera ona da bazkaltzeko.



“La moderna”
Mateos Gago kalea, 7
41004 Sevilla

Santa Cruz auzoaren sarbidean dago, baina beno, agian arrasto hau ez dago oso argi, Mateos Gago kalean jatetxe pilo bat topatu dezakegulako, gehienak turistarantz orientatuak eta “La moderna” jatetxea bidearen erdialdean dago, agian ez da turistentzat baina bertakoentzat ezta ere. Nire jabeek nahiko ondo jan zuten jatetxean. Agian, jatetxearen arazo handiena zerbitzariak dira, motelak direlako eta batzuetan pixka bat haserrekorrak baita.


“Bar Santa Ana”
Pureza kalea, 82
41010 Sevilla

Trianaren bihotzean kokatuta dago. Taberna pintoreskoa da, betikoa. Gainera, zelako tapak prestatzen dituzte, buah! Primeran daude. Nire jabeek oilasko tantak eta urdaiazpikoa frogatu zituzten (eta noski, bakoitza bere garagardoarekin), eta dena, 6 euroren truke. Benetan, Trianara joaten bazarete, taberna hau erabat gomendagarria da.


“Bodega Belmonte”
Mateos Gago kalea, 24
41004 Sevilla

Frogatu zituzten taberna guztietatik, hau eskasena da, alde handiarekin gainera. Argi eta garbi, leku hau turismora orientatua dago… menua ingelesera itzulita daukate, zerbitzariak oso motelak izan ziren eta gainera, janaria ez zegoen goxoa (gazpatxo poteduna, eta zezen buztana… Azken plater honen zaporea nahiko txarra zela uste dute nire jabeek). Bakarrik gauza bitxi bat dauka jatetxe honek, komunen apainketa benetan nazkagarria dela (hormak toreatzaileen argazkiaz beterik daude). Haien arabera, ezinbestekoa ez da. Horregatik, nire gomendioa da leku honetara ez joatea.



Beno, ziur nago jatetxe hauek ez direla bakarrak, baina Sevillara joaten bazarete, gutxienez jatetxe batzuk edukiko dituzue zorroan ondo eta merke jateko, ezta?

2011-08-19

Panacota

Onartu behar dut, azkenaldian nire esklaboek (barkatu, jabeek) postregintzan asko hobetzen ari direla... nahiz eta... beno, esango dizuet, nahiz eta oraindik plateren aurkezpena haien ahulgunea izan, azken emaitzak ikustea jada ez nau beldurtzen, meh, meh, meh!!

Oraingo honetan, gozoki italiar guztietatik nagusia egitea aukeratu zuten: “Panacota” (entzun dudanaren arabera, “eltzeko esnegaina” esan nahi du). Oso erraza da, ikusiko duzue:

Lau anoentzat hurrengo osagaiak erabili zituzten:

250 ml. harrotzeko esnegaina.
250 ml. esnea
3 orria gelatina neutroa
90 gr. azukrea

Ezer baino lehen, edalontzi batean esne freskoa banandu behar duzue, gelatina orriak barruan sartzeko.

Gelatina orriak biguntzen diren bitartean, lapiko batean esnegaina, esnea eta azukrea ipiniko dituzue. Segidan lapikoa sutan ipiniko duzue, indar leuna erabiliz. Plater honi usaina eman nahi badiozue (laranja, limoia, kanela, banilla, etab. erabil ditzakezue hau egiteko), hau da momentua.

Beroa dagoenean, usaina emateko erabili duzuen osagaia lapikotik kenduko duzue eta gelatina gehituko duzue. Hori eginda dagoenean, edukia irabiatu behar duzue 2 minutuz, pikorrak saihesteko.

Hori eginda dagoenean, “Panacota” ia prestatuta dago, bakarrik garrantzitsuena faltatzen zaiolako. Eta garrantzitsuena, dudarik gabe, errezetaren zatirik zailena da: hamar orduz atseden hartzea, lehenengo biak hozkailutik kanpo, eta hirugarren ordutik aurrera, hozkailuan ondo mamitzeko. Gauza honengatik ez zarete zertan kezkatu behar, “Panacota”ren zaporea egun batetik bestera hobetzen delako.

Aizue, oraingo honetan, haiek esneari mango baten zukua gehitu zioten eta, esan zuten arabera, postrea biboteak milikatzeko zegoen....


2011-08-07

El Armario jatetxea - Madril

Ez dakit nola egiten duten, baina uztailero jatetxe berri bat aurkitzen dute, orain dela bi urte, “Dolomiti jatetxea” izan zen eta pasaden urtean "La cocina de Plágaro" eta "Restaurante Basarri" izan ziren. Aurten, aukeratutako jatetxea "El armario" izan da, eta Chuecan (Madrilen) kokatuta dago.

Bai, ondo irakurri duzue, “El armario” jatetxea Madrilen dago eta guk Gasteizen bizi gara... pixka bat arraroa da, ezta? Beno gauza da... Nire jabe maiteek Madrilera joan ziren lagunak diren bikote batekin ihesaldi bat egiteko eta noski, leku berezi bat behar zuten afaltzeko... jabeen lagunek “El armario” jatetxea ezagutzen zuten eta gainera asko gustatzen zitzaien, hortaz, arazorik gabe jatetxe hau aukeratu zuten.

Jatetxea Madrileko hiriaren erdialdean dago; San Bartalome kaleko 7garren zenbakian hain zuzen ere.

Jatetxean menu berezi bat aurki dezakezue, baina ez da dastapen menu bat, ezta eguneroko menu bat ere, beno, ea nola azaltzen dizuedan... jatetxeak bakarrik karta dauka, baina menuarekin zuek hasteko plater bat, plater nagusi bat eta postrea kartatik aukera ditzakezue, eta fakturaren zenbatekoa 20 eurokoa izango da (BEZa eta edaria barne sartuak ez daude).

Agian karta ez da oso luzea, baina bederatzi hasteko plateren artean eta hamabi plater nagusi izanda, menu berezi batzuk atera ditzakezue ziur aski, beno haiek lau pertsonen artean, zortzi menu desberdinak atera zituzten (bai, asteburu batean, bi aldiz “El armario” jatetxean afaldu zuten... eta nik, noski, etxean geratu nintzen, beti bezala...).


Hasteko plateren artean frogatu zituzten:

• Txirlak cavara. Hmmm!! Zaporetsuak, freskoak eta gainera cava erabiliz ukituak... ogia saltsan bustitzeko...
• Arroz melenga saiheskia eta txanpinoi freskoekin. “Rissoto”a bezalakoa zen, goxoa eta ondo prestatuta.
• Zartagin galeper arrautzak pistoarekin. Oso plater gomendagarria gauza goxo eta ahul bat jateko asmoa baldin badaukagu.
• Ahuntz-gazta entsalada tipula karamelatuarekin eta laranja eta eztia ozpin-olio saltsarekin apailatuta. Benetan goxoa zegoen! Gainera, udan jateko oso plater aproposa da.


Plater nagusien artean frogatu zituzten:

• Ostruka hanburgesa ogia, rukula eta brie gaztarekin. Ostruka? Nik ez dakit, baina nire jabearen arabera, primeran zegoen.
• Ahate urinekoa ahabia saltsa eta “parisien” patatekin. Hmmm... uste dut, niri ez zitzaidakeela gustatuko baina haiei ikaragarria iruditu zitzaien...
• Oilaskoa curry horira pilaf arroz zuriarekin. Pikantea zen, baina plater hau frogatu zutenen arabera, zaporea eskandaluzkoa zen.
• Bigantxa “carpaccio”a gazta “parmesano” eta rukularekin. Entzun dudanaren arabera, oso berezia iruditu zitzaion jan zuen pertsonari.


Postreak:

• Brownie banilla izozkiarekin. Zalantzarik gabe, postre hau onena zen.... Baina zergatik zegoen hain ondo? Gainera, lehendabiziko egunean Brownie-a momentuan eginda zegoen, eta hori zaporea oso ona izatea eragin zuen.
• Txokolate zopa hotza baratze-marrubiekin. Nahiz eta ona egon, plater hau afari osoko txarrena izan zen. Nire ustez, plater hau itzultzen direnean kartan jarraitzen baldin badu, ez dute berriro eskatuko.


Menu berezi batzuk atera ditzakezue, ezta? Gainera, 20€-gatik (BEZa ez barne sartuta) ez da hain garestia, ezta?

Oro har, plater guztien prestaketa eta aurkezpena oso ona zen, eta horretarako diseinuzko platerak erabiltzen zituzten, neurri zehatz bat aukeratuz zerbitzatuko zen janariaren arabera. Jatetxeko giroa benetan berezia zen, baina hobeto deskribatzen duten hitzak honako hauek dira: iluna, xarma, lasaia eta oso zainduta.

Eta, zer esan ahal dizuet zerbitzuari buruz? Beno, nire jabeek ez dute zalantzarik gai horretan, zerbitzariak oso profesionalak direlako. Beti prest daude bezeroen zalantzei erantzuteko eta laguntzeko beharrezkoa denean. Haiei zerbitzariek konfiantza handi eta erosotasuna eskaini zizkieten.

Bakarrik gauza bat gehiago, nire jabeek behin baino ez zuten joan nahi "El armario" jatetxera, baina azkenean, Madrilen egon ziren bi gauetan joan ziren... honekin dena esanda dago, ezta?

Zuek ere joateko gogoak baldin badituzue, gogora ezazue gomendagarria dela erreserba bat egitea, beraz, beheko aldean utziko dizkizuet jatetxearen helbidea eta telefonoa.




“Restaurante El Armario”
San Bartolome kalea 7
28004 Madril
Telefonoa: 915 32 83 77





Amaitu baino lehen, gustatuko litzaidake joko-etxe bat gomendatzea non gaua amaitzeko aukera izango duzue… nire jabe ipurterreak haien lagunekin zerbait edatera joan zirelako. Zelako aurpegia daukaten! Hala eta guztiz ere, bereziki joko-etxe bat gomendatuko dizuet, “Misa de Doce” deitzen dena, han prestatzen dituzten mojitoak benetan goxoak direlako. Horretaz gain, lokal honetan topatuko duzuen giroa oso ona da, eta horri prezio oso on batzuk gehitzen baldin badizkiogu, ba… Ezagutu dezazuen, hemen utziko dizuegu diseinatu duten logotipoa, baita lokalaren helbidea ere. Hori bai, nire jabeen arabera, zerbitzariak kalean zaudenean zure atzetik joatea zerbait edan dezazun benetan NAZKAGARRIA da, baina onartu behar dugu kasu honetan nahi zutena lortu zutela, bi aldeak benetan pozik geratuz.


Augusto Figueroa kalea 20
Telefonoa: 915 228 288