2018-06-25

Hegalabur lasagna kuiatxoarekin


Gaur toki txiki honengatik bueltatzen gara gure oinarrizko erregelekin bat datorren errezeta batekin, hau da, erraza, zaporetsua eta osasuntsua izatea. Horretaz gain, gaur ekartzen dizuegun platera erraza bezain aldakorra da. Hau da, bai hotza baita beroa ere gozatu ahal izango duzue, bai hegalaburraren sasoian baita sasoitik kanpo dagoenean ere. Gaur “hegalabur lasagna kuiatxoarekin” errezeta aurkezten dizuegu.

Bi errazioetarako beharrezkoak diren osagaiak honako hauek dira:

6 Kaneloi edo lasagna plaka
100 g hegalabur (kontserban, freskoa, etab.)
2 arrautza gogor
Piper gorria erdia
Tipula erdia
Kuiatxo handi erdi bat
Tomate-koilarakada 1 (frijitua edo naturala)
Oreganoa
Gatza
Olioa

Lehendabizi egingo duguna kaneloi edo lasagna plakak (segun eta zeintzuk nahiago dituzuen) prestatzea izango da. Hartarako eltze bat ur ugariarekin sutara jarriko dugu. Irakiten hasten denean plakak gehituko ditugu eta sutan 10 minutuz gutxi gora behera (edo fabrikatzaileak markatzen duen denbora) mantenduko ditugu. Prest daudenean, plakak xukatuko eta erreserbatuko ditugu.

Jarraian, piperra, tipula eta kuiatxoa txikituko ditugu dado txikietara eta, plakekin egin dugun moduan, erreserbatuko ditugu. Barazki hauek mozten ditugun bitartean, zartagin bat jarriko dugu sutara olio zurrusta batekin eta, olioa beroa dagoenean, piperra eta tipula gehituko ditugu, sutan kolorea hartu arte utziz. Segidan, kuiatxoa gehituko dugu, sua jaitsiko dugu eta zartagina estaliko dugu. Guztira, barazkiak 15 minutuz prestatzen utziko ditugu, denbora tarte honetan noizean behin nahastuz.

Denbora hau pasatuta, hegalaburra katilu batean izpituko dugu eta birrindutako  arrautzak gehituko ditugu, azkenik barazkiekin nahastuz. Osagai guztiak ondo nahasterakoan gatza faltatzen dela nabaritzekotan, pixkatxo bat gehitu ahal izango duzue.

Honen ondoren, lasagna prestatuko dugu. Hartarako, pasta-plaka bat jarriko dugu oinarrian eta, bere gainean, barazkiak eta hegalabur nahasketaren kapa bat. Prozesu hau errepikatuko dugu jarritako 3 plakak ipini arte. Azkenik, azken plaka tomate frijitu pixka batekin margotuko dugu, segidan oreganoarekin hautseztatuz.

Hemen iritsita, bi aukera ditugu: lasagna hotz bat zerbitzatu (prestatuta dago, sinpleki gozatzera! ) edo bexamel leun bat prestatzea eta gainerretzea, horrela:

Hegalabur lasagna kuiatxoarekin
Hegalabur lasagna kuiatxoarekin


Etxean sorgintzen gaitu eta erraza, zaporetsua eta osasungarria denez gero, askotan egiten dugu. Plater hau probatzera apuntatzen zarete? 

On egin!!


No hay comentarios: