2018-02-26

Kubatar arroza



Sukaldaritza kubatarrean bere jatorria izanik, gaur esparru honetara ekartzen dugun errezeta talde honetako kide baten haurtzaroaren plazerrekin, baita barne-barneko usainekin ere, erlazionatuta dago.

Zuekin partekatuko dugun errezeta jatorrizkoaren moldaketa bat da. Hala ere, bere oinarrizko ezaugarriak mantentzen ditu, hau da, erraza eta zaporetsua da eta, noski, amatxoren sukalde horretara eramaten gaitu. Bai, gaur “kubatar arrozaren” errezeta azalduko dizuegu.

Bi pertsonentzako anoa prestatzeko, hurrengo osagaiak beharko ditugu:

200 g arroz zuria
150 g birrindutako tomatea
2 arrautza
Baratxuri atal bat
Banana heldu bat (aukerakoa)
2 urdaiazpiko xerra (aukerakoa)
Olioa eta gatza

Hasteko, eltze bat su ertainetara jarriko dugu olio-zurrusta batekin. Jarraian, baratxuri atala azalik gabe eta zapalduta (kontuz, osorik egon behar da) gehituko dugu eta sutan bere kolorea pixka bat aldatu arte utziko dugu. Kolorea aldatzen denean, baratxuria sutatik kenduko dugu eta arroza gehituko dugu. Arroza minutu pare batez txigortuko dugu, noizean behin nahastuz. Denbora hau pasatuta, arroza urarekin estaliko dugu (arroza baino hiru bider gehiago) eta sutan utziko dugu 15 edo 20 minutuz, egosita egon arte.

Arroza egosten den bitartean, zartagin bat berotzera jarriko dugu su motelera. Zartagina pixka bat berotzen denean tomate birrindua gehituko dugu, eta arroza prestatzen den aldi berean onduko dugu.

Denbora hau pasatuta, sua itzaliko dugu, tomatea erreserbatuko dugu eta arroza xukatuko dugu.

Jarraian, zartagin bat sutan ipiniko dugu olio ugariarekin. Beroa dagoenean, arrautzak frijituko ditugu (puntu hau bakoitzak bere eran egin dezake) eta erreserbatuko ditugu.

Azkenik, bakarrik platera aurkeztea faltako zaigu eta, hori egiteko, arrozaren erdia platerraren erdialdean ipiniko dugu, mendi baten itxura emanez (edo nahiago baduzue, forma eramango diozue molde batez). Arrozaren gainean tomatearen zati bat jarriko dugu eta azkenean mendiaren tontorraren gainean arrautza frijitua kokatuko dugu, horrela:


Kubatar arroza - Errezeta



Ukitu berezi bat eman ahal diozue plater honi urdaiazpiko iberiarreko txirbil batzuk ipintzen baldin badituzue, baita banana xerra frijitu batzuk gehitzen ere.

On egin!

No hay comentarios: