2013-03-17

Araba jatetxea - Vitoria-Gasteiz

Hasierako Platera:
  • Perretxiko nahastura.  Perretxiko eta boletus erabiliz egindako arrautza nahaskia... zentzuetarako plazera.
  • Etxeko frijituak. Oso errazak... Beharbada menuko ahulena.
  • Hegalabur entsalada.  Erraza, baina oso goxoa.
  • Arrain salda.  Beroa eta goxoa... primeran zegoen, nire jabeen arabera.

Plater Nagusia:
  • Azpizuna foierekin. Ona ez, hurrengoa!!
  • Entrekota plantxan. Zelako itxura! Eta zelako zaporea… ai ama…

Postreak:
  • Arroz-esnearekin betetako hostorea. Oso goxoa, baina zelako digestio astuna eman zion goxo honek nire jabeei, meh meh meh!!


Menu klasiko batekin topatu ziren, baina oso ondo prestatuta eta aurkeztuta, eta dena 28.60 €-gatik (BEZa ez dago barne sartuta). Ez da garestia, ezta?


Eta, zer esan ahal dizuet zerbitzuari buruz? Beno, nire jabeek ez dute zalantzarik gai horretan, zerbitzariak oso profesionalak direlako eta, gainera, oso hurbilak dira (hotelaren instalazio berriak erakutsi arren...). Beti prest daude bezeroen zalantzei erantzuteko eta laguntzeko beharrezkoa denean. Nire jabeei zerbitzariek konfiantza handia eta erosotasuna eskaini zizkieten.

Hala ere, joateko gogoak baldin badituzue (hemendik gomendatzen zaituztet, merezi duelako, benenetan), hemen uzten dizkizuet bere datuak:



01010 Gasteiz
Telefonoa: 945 222 669

2013-03-10

Arrautza eta irinetatik pasatutako “Camembert” gazta triangeluak

Batzuetan, nire jabe maiteek denbora pilo bat pasatzen dute sukaldean plater arrunt bat prestatzeko. Gaur azalduko dizuedan errezeta ez da hauetako egoera bat, baizik eta aurkakoa. Azkarra izateaz gain, oso erakargarria da gainera.

Gaztako amoranteak baldin bazarete eta gauza berriak probatzea gustatzen bazaizue, konbentzituta nago errezeta honek asko gustatuko zaizuela. Nire jabeek “Arrautza eta irinetatik pasatutako “Camembert” gazta triangeluak” izena jarri zioten errezeta honi.

Oso erraza da, eta gainera, bakarrik hurrengo osagaiak erabili beharko dituzue:

Camembert gazta kutxa bat
Arrautza bat
Ogi arraspatua
Olioa
Gatza

Osagai hauekin, irudimenari gutxi uzten zaituztet, ezta? Meh meh meh!!

Beno, hasteko, bol txiki batean, arrautza bat krakatuko duzue eta gatza apur bat gehituko duzue, guztia ondo irabiatuz. Gero, plater batean ogi arraspatuko kantitate eskuzabala ipiniko duzue.

Segidan, “Camembert” gaztaren zatitxo bat hartuko duzue eta arrautzagatik pasatuko duzue eta, ondoren, ogi arraspatuagatik. Urrats hau bi aldiz egingo duzue, gazta zatitxo bakoitzerako.

Prestatu dituzue zatitxo guztiak? Bakarrik gazta zatiak frijitzea falta zaizue. Hau egiteko zartagin bat ipiniko duzue su sendotara olio kantitate eskuzabalarekin. Olioa beroa dagoenean, gazta zatiak jarriko dituzue zartaginean eta alde bakoitzeko urreztatuko dituzue.

Sutatik ateratzen dituzuenean, paper xurgatzailearen gainean jarriko dituzue.

Azkenik, bakarrik falta izango da platera aurkeztea. Nik marmelada pixka bat erabiltzea gomendatzen dizuet. Nire jabeei horrela geratu zitzaien:

Hau da emaitza


On egin!!

2013-02-25

Arroz zuria alberjinia konfitatuekin

Aurreko larunbatean nire jabe estimatuak, arroza eta barazkiak erabiliz, oso plater berezia eta originala prestatzea erabaki zuten. Hala ere, ez dut esango arroza barazkiekin prestatu zutela, bakarrik barazki mota bat daramalako. Horregatik “arroz zuria alberjinia konfitatuekin” izena aproposagoa dela uste dut.   

Egia esaten baldin badizuet, errezeta hau prestatzea oso erraza da, eta emaitza, gutxienez, erakargarria dela esan dezakegu.

Ideia errezeta hau bi pertsonentzako prestatzea baldin bada, honako osagaiak erabili beharko dituzue, aipatzen diren kopuruetan:

190 gr. arroza
1 Alberjinia
Urdaiazpiko iberikoa (xafla bat)
Tipula erdia
Baratxuri hortz bat
Gatza
Olioa

Hasiera batean, osagaiak prestatuko ditugu. Egingo dugun lehendabiziko gauza izango da tipula moztu zati txikietan, karratuetan. Hau egina dagoenean, urdaiazpiko xafla zatituko dugu, tipularekin antzekotasuna bilatuz.

Jarraian, zartagin bat sutan ipiniko duzue olioarekin (kopuru handi batean) eta, beroa dagoenean, sua jaitsiko duzue, segidan tipula gehituz. Tipula kristalizatzen hasten denean, urdaiazpikoko karratuak gehituko dituzue.

Bitartean, alberjinia zuritu beharko duzue, baita karratuetan moztu ere, aurreko osagaiekin antzekotasuna bilatuz. Hau guztia egina dagoenean, zartaginean sartuko duzue urdaiazpikoarekin eta tipularekin batera, gatza eta piperbeltza gehitzen eta 15 minutuz sutan uzten. 

Alberjinia konfitatzen den bitartean, lapiko bat ipiniko duzue suan olio pixka batekin eta, beroa dagoenean, baratxuri hortza botako duzue (azalik gabe, noski) kolorea hartu arte, hori bai, erre ez dezan kontrolatuz. Kolorea hartzen duenean, arroza gehituko duzue eta, beroa dagoenean, ura botako duzue (arrozaren kopuruaren bikoitza, gutxi gora behera) gatzarekin batera, lapikoa sutan 15 minutuz uzten.

Arroza egina dagoenean, platera muntatzeko momentua izango da. Hori egiteko, nire jabeek bi koloretako menditxo bat prestatu zuten platerean. Nola egin zuten hau jakin nahi duzue? Bai, ezta? Bol borobil bat hartu zuten, olioa barrutik zabaldu zuten eta, koilara baten laguntzarekin arroza sartu zuten gutxi gora behera erdiraino, edukia bilduz. Jarraian alberjinia sartu zuten, urdaiazpikoarekin eta tipularekin batera, guztia bilduz ere. Azkenik, arroza bota zuten gainetik, bola erabat betetzen. Amaitzeko, ontzia plater baten gainean biratu zuten, honako aurkezpena lortuz:



Zer iruditzen zaituzte? Cherry tomate batzuk gainetik ipini, eta mahaira joateko prest?

On egin!

2013-02-01

Santa Burg Hanburgesetegia - Bartzelona

Kriston inbidia sentitu nuen orain duela egun batzuk! Nire jabeak Bartzelonara joan ziren, eta hau gutxi izango balitz, jatetxe berri batera (haientzat behintzat, berria zen) jatera joan ziren.

Arraroa iruditu zitzaidan, hautatu zuten lekua hanburgesategi bat delako. Lasai egon, jatetxe hau “Mcdonald’s” bat ez delako, ezta “Burger King” bat ere. Jada badakizue nire jabeek frankizietatik ihes egiten dutela normalean, meh meh meh!!

Beno, jatetxe honek “Santa Burg” izena darama, eta Sants-eko auzoan kokatuta dago (Santseko geltokitik bi etxeditara), Vallespir Kaleko 51garren zenbakian hain zuzen ere.

Lehen begiratuan, lokala auzo-taberna tipikoa dirudi... areto txiki bat eta, bere aldean barra handi bat eta hondoan telebista. Bakarrik gauza bitxi bat dago, telebistaren azpian... birjin baten irudia daukate!! Bai... ‘Santa Burg’ birjinarena da, bere patroia.

Mahaian eseri zirenean, nire jabeek mahai-zapietan inprimatutako kartarekin topo egin zuten. Egia esateko, ez da oso zabala: entsalada pare bat, 9 edo 10 hanburgesa, osagarriak edo estrak, postre pare bat eta edariak.

Nire jabeek honako plater hauek aukeratu zituzten:

2 Hanburgesa “Santa Royal”, bere “Dry Aged” idikiarekin, hirugiharrarekin, urazarekin, tomatearekin, ziapearekin eta “cheddar” gaztako xerra batekin (hau estra bat izan zen).

Etxeko patatak, elkarbanatzeko.

Ura eta garagardoa

Infusioak


Onena? Zalantzarik gabe, “Dry Aged” haragia bere puntuan... primeran zegoen!! Baina galdetuko duzue: zer demontre da “Dry Aged” haragia?  Beno, haragiaren heltze prozesu bat da, lehorretan, hori bai. Prozesu honek leuntasun eta zapore gehiago haragiaren idikiari ematen dizkio.

Dena primeran zegoen: haragia, etxeko patatak, zerbitzua... nire jabeek bakarrik orban txiki bat aurkitu zuten: osagarrien prezioak... 9 euro kalitatezko hanburgesa batengatik ordaintzeak ondo iruditu bazitzaien, etxeko patata batzuengatik 4 € baino gehiago eta arrautza batengatik 2... Ez.

Azkenean, nire jabeek 33.90€ ordaindu zituzten. Prezioa onargarria da kalitatea kontuan hartzen baldin badugu, baina gehiegizkoa izan daiteke erregulartasunez joan nahi baduzu.

Zuek ere joateko gogoak baldin badituzue, beheko aldean utziko dizkizuet jatetxearen helbidea eta telefonoa.


“Santa Burg”
08014 Bartzelona
Telefonoa: 93 676 39 74

2013-01-02

Marinatutako atun-solomoa plantxan


Beno!! Zelako errezeta ederra azalduko dizuedan gaur!! Meh meh meh!! Erraza, azkarra eta gainera, zaporetsua. Etxean, aitaren batean desagertu zen mahaitik eta, noski, ni ezer dastatu gabe geratu nintzen...

Gaurko errezetari “Marinatutako atun-solomoa plantxan” deituko diot.

Nire jabeek hurrengo osagaiak erabili zituzten (bi pertsonentzat, noski):

2 atun-solomo
Limoi bat
2 patata ertain
Gatza
Piperbeltza
Olioa

Hasteko, bol batean bi atun-solomo ipiniko dituzue. Gazta eta piperbeltza bota zuen gustuaren arabera. Segidan, limoi zukua eta olio koilarakada pare bat botako dituzue eta atseden hartzea utziko diozue denari, gutxienez, 15 minututan.

Orain, goarnizioa prestatuko dugu. Entsalada bat edo patata frijituak presta ditzakezue, oraingo honetan, nire jabeek patata frijituak aukeratu zituzten.

Azkenik, atuna pasatuko dugu xaflagatik, baina kontuz, soilik minutu pare bat alde bakoitzengatik (minutu bat atun-solomo meheak badira), bestela erre egiten delako.

Plater honen aurkezpen posible bat nire jabeek antolatutakoa izan daiteke:


Marinatutako atun-solomoa plantxan


Zuen ustez, ez da oso desiragarria?