2011-04-09

Kuiatxo lasagna

Aurreko egunean, interneten nenbilen bitartean (bai, lagun batzuk dauzkat, eta haien artean, batzuk sukaldeko blogak dauzkate) errezeta berezi bat aurkitu nuen eta noski, denbora gehiegi galdu gabe nire jabetxo maiteari jakinarazi nion.


Hasteko, nire partetik eta noski, nire jabeen izenean “Sukaldean Jaten” blogaren idazleari eskerrak ematea gustatuko litzaiguke (bai, eskerrak ematea gustatuko litzaidake, baita miazkatuko nuke ere, baina.....)


Beno, gaurko errezeta kuiatxo pastel bat da, edo kuiatxo lasagna bat urdaiazpiko egosiekin eta gazta-xerrekin hain zuzen ere. Bai badakit, bitxia da baina nire jabearen arabera zapore oso originala eta oso berezia dauka. Uste du, merezi duela.


Errezeta hau egiteko, haiek hurrengo osagaiak prestatu zituzten (2 pertsonentzat):


Kuiatxo handi bat (txikiak badira, bi)

4 edo 5 urdaiazpiko egosia xerra

4 edo 5 gazta xerra

Arrautza bat

Irina

Gatza

Olioa


Lehenengo urratsa da kuiatxoa moztea (noski, garbituz gero), baina kontuz, kuiatxoa luzetara moztu behar duzue, xerra oso meheak (3 edo 4 milimetro lodierako) izan daitezen. Xerrak dauzkazuenean, gazitu eta gorde ditzakezue memento bat.


Plater batean irina eta beste platerean arrautza irabiatuta ipini behar duzue. Bai, oso azkarrak zarete! Kuiatxo-xerrak arrautza-irinetatik pasa beharko dituzue, eta hori egiteko, badakizue: zartagin bat olio samarrarekin sutan ipiniko duzue eta, olioa beroa dagoenean, kuiatxo-xerrak apurka-apurka olioan jarriko dituzue, ondo frijitzeko.


Une honetan, hobe da paper xukagarri baten gainean kuiatxo-xerrak ipintzea, soberan dagoen olioa xurgatzeko.


Azkenean, labeko molde batean, kuiatxo geruza bat jarri behar duzue eta, geruza eginda dagoenean, urdaiazpiko egosia geruza bat ipini behar duzue, gero gazta geruza bat eta horrela, osagai guztiak amaitu arte.


Bukatzeko, gaztaz hautseztatu eta labean sartuko duzue, gainerretzeko.


Ez dauka itxura txarra, ezta?



Plater hau koipetsua denez, pertsona batzuentzat agian ez da oso egokia. Baina hori konpondu dezakezue kuiatxo-xerrak arrautza-irinetatik pasatzen ez baldin badituzue, bestelako pausu guztiak mantenduz, noski. Horrela, dietan dauden pertsona horiek guztiak plater hau jan ahal izango dute.

1 comentario:

CARMEN dijo...

beno, beno publizitatea eta guztiz, hau bai dela primerakoa, eta lasagna itxura ona, zapore ona (esan duzun bezala), ze gehiago...

ondo izan