2015-07-26

Pepinoko krema hotza


Gaur, uda sartuta gaudela aprobetxatuz, errezeta berri bat ekartzen dizuegu, zalantzarik gabe jasaten hari garen bero bizi hauek arintzen lagunduko dizuena, “pepinoko krema hotza” da.

Txokotxo honetan aurkezten dizkizuegun erreza gehienak bezala, gaurko proposamena benetan erraza, azkarra eta oso osasungarria da, baina aurreratu behar dizuegu erabiliko dugun osagai nagusia, pepinoa, zuen gustukoa izan behar dela.

Errezeta hau egiteko, hurrengo osagaiak erabiliko ditugu, bi pertsonentzat:

1 ½ pepino handia (edo 2 txikiak)
Jogurt zuri bat
Mostaza koilarakada bat
Baratxuri atal bat
Limoi bat
Tomate bat
Gatza
Oliba olioa
Piperbeltz beltza

Osagai gutxi dira baina, hori bai, oso osasuntsuak. Gainera, ikusiko duzue nola errezeta honek ez daukan inongo konplexutasunik, edozeinek bere etxean prestatu ahal duelako.

Hasteko, barazki guztiak ondo garbituko ditugu. Tomatea uragatik pasatuko dugu, zurituko dugu eta buztana kenduko diogu, gero pepinoak zurituko ditugu eta hazi guztiak kenduko dizkiogu eta dena txikituko dugu kubo txikietara.

Eginda dagoenean, irabiagailuaren basoan pepinoa, baratxuri atala, jogurt zuria, limoi zukua, mostaza koilarakada, oliba-olio zorrotada bat jarriko ditugu, azkenik gatz apur bat eta piperbeltzeko beste apur bat gehiago gehituz. Azkenik, dena irabiatuko dugu, krema fina eta homogeneoa lortu arte.

Aurreko pausuak eginak daudenean, krema ontzi batean jarriko dugu, filmatuko edo ondo itxiko dugu eta hozkailuan sartuko dugu, gutxienez bi ordutan zehar (guk, normalean, egun batetik bestera prestatuta uzten dugu).

Krema hau aurkezteko, katilu bat edo plater bat aukera dezakezue, emaitza horrelakoa izanda:

Pepinoko krema hotza


Zalantzarik gabe, krema fresko eta harrigarri bat.

On egin!!


No hay comentarios: