2015-05-30

Indioilar samosak


Duela egun batzuk oparitxo handi bat agertu zen etxean, “MasterChef” saioaren bigarren sasoiko liburua. Aparteko liburua dela aitortu behar dugu, ideia pilo eta sukaldean gaudenean lagungarriak diren trikimailu pilo bat dauzkalako. Errezetei buruz hitz egiten baldin badugu, haien guztien artean “Samosak” prestatzeko ideia apartekoa iruditu zitzaigun.

Samosak enpanadilla triangeluarrak dira. Bere jatorria Asiako hegoaldean dago, eta normalean bere betegarria barazkietakoa eta espezieetakoa izaten da, nahiz eta gaurko errezeta, pixkat desberdina izan. Begira ezazue:

Samosa dozena bat egiteko, hurrengo osagaiak behar izango ditugu:

4 xafla pasta-filo
300 g indioilar bularka
30 g gurina
40 g mahaspasa sultanak
Tipula bat
2 curry koilarakada
Kumino koilarakada bat
Tomatea koilarakada bat
Limoi bat
Jogurt naturala
Menda freskoko 5 hosto
Olioa, gatza, piperbeltza 

Nahiz eta osagai asko erabiltzeko beharra izan, errezeta hau nahiko azkar egiten da eta oso erraza da. Lehendabizi egingo duzuena tipula zuritzea eta lumatzea izango da. Bitartean, zartagin bat berotuko duzue olio zorrotada batekin. Beroa dagoenean tipula gehituko duzue eta apur bat prestatuko duzue. Gero, txikitutako indioilarra gehituko duzue, 5 minutu gehiago prestatzen jarraituz.

Denbora hau pasatu eta gero, currya, kuminoa eta mahaspasak gehituko dituzue, ondo nahastuko dituzue eta dena 3 minutu gehiagotan zehar prestatuz utziko duzue. Jarraian, limoi zukua eta tomate saltsa gehituko dituzue. Ondo nahastuko dituzue eta, amaitzerakoan, gordeko duzue.

Puntu honetara helduta, gurina desegingo duzue eta filo-pasta orri bakoitza luzetara (hiru zerrendatan) moztuko duzue. Hori eginda daukazuenean, hosto guztiak margotuko dituzue gurinarekin. Ondoren, indioilar ore zati bat jarriko duzue muturrean eta filo-pasta tolesten joango zarete, triangeluak eginez.

Azkenik, triangeluak labean sartuko dituzue eta han 200 gradutarako 15 minututan zehar utziko dituzue.

Prestatzen diren bitartean, jogurt-salsa atsegingarria prestatuko duzue. Hori egiteko, jogurta eta mendako hosto txikituak jarriko dituzue bol batean eta dena ondo nahastuko duzue. Zuen samosei laguntzeko gordeko duzue saltsa.

Hona hemen emaitza posible bat:

Indioilar samosak


On egin!!



No hay comentarios: