2010-11-17

Makarroi budina urdaiazpiko eta gaztarekin

Miau! Nire jabeak berriro egin dute! Sukaldera joan dira janaria prestatzera! Baina ez pentsatu oraingo honetan prestatu dutena gauza zail bat dela, ez horixe, baina, nire ustez, oso plater berezia da. Gainera, plater hau prestatzeko egin behar den gastua oso txikia da. Beno, hasi behar naiz, haiek ez dakitelako nire biboteekin ordenagailua erabiltzen ari naizela errezeta hau azaltzeko. Bere izena “Makarroi budina urdaiazpiko eta gaztarekin” da. (Ai, urdaiazpikoa… miau, ze ona!)

Nire jabeak erabili zituzten osagaiak honako hauek dira. (Gogora ezazue haiek bi pertsona direla, eta, horregatik, agertzen diren kantitateak bi pertsonentzako dira).

· 125 gramo makarroi
· 100 gramo urdaiazpiko egosi
· 125 gramo gazta
· Tipula erdi
· Piper berdea edo gorria (Gehienez, piper bat).
· 200 gramo tomate trituratua
· 2 arrautza
· Jogurt natural bat
· Esnegain likidoa (180 ml)
· Ura
· Oliba-olioa
· Gatza

Hasteko, lapiko batean ura ipini zuten ontzia bitrozeramikan ipintzeko asmoarekin, ura bere irakite puntura heldu arte. Urari gatza eta olioa bota zioten eta, ura prest zegoenean, makarroiak barrura bota zituzten, egosten uzten zortzi minutuz.

Makarroiak lapikoan zeunden tarte horretan, nire jabeak piperra eta tipula zatitzen hasi ziren eta, amaitu zutenean, zartagin batean olioa berotzera ipini zuten, prest zegoenean moztutako osagaiak sartzeko. Osagai hauek prest egon zirenean, zartaginera bota zituzten. Bost minutu pasa eta gero, tomatea eta urdaiazpiko egosia (txikituta, noski) gehitu zituzten.

Barazkiak urre-kolorea lortu zutenean, makarroiak gehitu zituzten, hau guztia minutu pare bat uzten eta noizean behin nahastez.

Labeko erretilu bat forratu zuten labeko paperarekin. Segidan, makarroi geruza bat ipini zuten, erretiluaren hondoa estaltzeko. Hori lortu zutenean, gazta kubotan zatituta gehitu zuten. Urrats hori amaitzeko, gainerako makarroiak jarri zituzten.

Bol batean, jogurta, arrautzak, esnegaina eta gatz pixka bat bota zuten, ondo irabiatzeko asmoarekin. Irabiatuta zegoenean, makarroien gainean nahasketa hau bota zuten.

Azkenik, erretilua labean sartu zuten, (labea aurretik berotu eta gero, noski). Makarroiak 25-30 minutu egon ziren labean, 180 gradutara ipinita. Ah! bukatu baino lehen, aholku bat emango dizuet: hobeagoa da epeltzen uztea, makarroien zaporea hobetzen delako.

Amaitzeko, lortutako emaitza erakutsiko dizuet.


Makarroi budina urdaiazpiko eta gaztarekin


Primeran daude! Ziurtatzen dizuet.

3 comentarios:

Rosa, dijo...

Macarroiak hauek luxuzkoak, errezeta sinatu dut.
Muxu asko eta laister arte

intxaurtsu dijo...

alaaa....bloga hiru hizkuntzatan idazten duzu!!! zelako lana, harrituta utzi nauzu, hemendik aurrera hemen izango nauzu

behiala dijo...

Beste blog bat euskaraz! Ez nuen ezagutzen, baina intxaurtsuk pasa dit zure helbidea, eta hemendik aurrera jarraituko zaitut.

Olaia
http://olaiaren-sukaldea.blogspot.com