Plater bakoitzak bere sasoia dauka, eta guk, sasoi bakoitzerako gure
lehentasunak dauzkagu. Koilara-platerak neguan nahiago ditugun bitartean, udan
freskoak eta freskagarriak diren platerak nahiago ditugu.
Pasa den urtean hasitako bidearekin jarraituz, gaur errezeta freskagarrien
bilduma (gazpatxoa eta vichyssoisea) osatuko dugu espainiar sukaldaritzaren
klasiko aparta batekin: “Salmorejoa”
Bi pertsonentzako, hurrengo osagaiak erabiliko ditugu:
500 g. tomatea (oso helduak)
100 g. ogia (aurreko eguneko izan daiteke)
Baratxuri atal bat
100 ml. Oliba olioa
2 koilarakada Jerezeko ozpina
Arrautza bat
2 xerra urdaiazpiko iberikoa
Gatza eta piperbeltza
Hasteko, tomateak garbituko ditugu. Hori eginda daukagunean, tomate
bakoitza lau zatitxoetan moztuko dugu, zurtoina kenduz, gatz pixka bat botako
diegu eta irabiagailuaren basoan jarriko ditugu. Hau egiten dugun bitartean,
ogia ondo bustiko dugu.
Ondoren, baratxuria, lehenbizi ondo xukatu dugun ogia, Jerezeko bi
koilarakadak eta piperbeltz apur bat tomateari gehituko dizkiogu. Puntu
honetatik aurrera, dena krema homogeneo bat lortu arte irabiatuko dugu.
Irabiagailutik guztia pasatu eta gero, nahasketa hozkailuan sartuko dugu,
gutxienez ordu pare bat barruan utziz ondo hozteko. Guk normalean, hozkailuan
uzten dugu egun batetik bestera.
Aurkeztu baino lehen, eltze bat jarriko dugu sutan urarekin eta gatza apur
batekin egostera. Irakiten duenean, arrautza jarriko dugu eta eltzean 12
minutuz utziko dugu. Denbora hau pasa eta gero, arrautza hoztuko eta zurituko
dugu.
Aurkezteko, salmorejoa plateretan (edo katiluetan) banatuko dugu, eta
arrautza gogor arraspatua eta urdaiazpiko xehatua gehituko diogu, hemen
aurkezten dizuegun moduan:
Salmorejoa |
On egin!!
No hay comentarios:
Publicar un comentario