2011-01-15

Limoizko sorbetea cavara

Ez da beharrezkoa nik esatea, baina nire jabeak oso arraroak dira. Postreak ez dira haien berezitasunik nabarmenena, baina beti postre ezberdin bat egiten saiatzen dira eta, oraingo honetan, zerbait biribila atera zitzaien.

Niri cavaren usaina ez zait gustatzen, baina beno, errezetaren urratsak jarraitu nituen arreta handiz eta, gonbidatuen erreakzioa ikusi ondoren, errezeta azalduko nizuela pentsatu dut.

Nire jabeak hurrengo osagaiak erabili zituzten errezeta hau prestatzeko:

Botila bat cava
5 Limoia
200 gr. azukrea
150 ml. ura

Lana oso erraza da. Ez duzue uste? Ederki gaude!! Beno, nahi baldin baduzue, oraintxe datozen lerroak irakurtzeko aukera daukazue :)

Lehenengo urratsean, limoiei zukua atera behar zaie, bi limoi-oskola gordez geroago erabiltzeko. Ah! Zukua garbia ez bada, iragazi behar duzue. Segidan, zukua bol handi batean ipini behar duzue.

Bigarren urratsean almibar arin bat prestatuko dugu. Hau egiteko, sutan ura eta azukrea ipiniko ditugu, ondo irabiatuz egosi arte. Memento honetan, limoi-oskolak gehituko ditugu, eta berriz, nahasketa minutu pare bat gehiago utziko dugu suan etengabe irabiatuz.

Almibarra hozten denean, osagaiak barreiatzeko ordua iristen da. Bolan, almibarra eta cava gehituko ditugu, segidan osagai guztiak (cava, limoi zukua eta almibarra) nahasteko. Azken pausua, nola ez, bola izozkailuan sartzea da.

Eta beno, bakarrik gauza bat falta da: pazientzia, sorbetea lortzeko hiru ordu gutxi gora behera behar direlako. Ah! Gomendio txiki bat, ordu bakoitzean izozkailua ireki behar duzue sorbetea irabiatzeko, izotza kentzea beharrezkoa delako.

Argazkia ikusi eta gero, primeran dagoela esan dezakegu, ala ez?


Aizue, kontuz sorbetearekin!! Alkohola darama, eta afaria erdi mozkortuak amaitu dezakezue...

2010-12-21

Erregeen opila

Gabon egunak iristen ari dira berriro eta haiekin afari berezi pilo bat, beno, afariak eta bazkariak, gutxienez etxean hori ikusten dut... zelako kontua!!

Eskerrak jai hauetan janari bereziak daramatzate eta, noski, nire jabeek Gabonetako plater berezi bat egiten saiatzen direnean nik oso pozik egoten naiz sukaldetik usain onak ateratzen direlako. Oraingo honetan, postre bat hautatu zuten, erregeen opila hain zuzen ere.

Haiek hurrengo osagaiak erabili zituzten errezeta hau egiteko:

500 gr. irina
125 gr. azukrea
50 gr. legamia
120 ml. ura
10 gr. gatza
75 gr. margarina 2 arrautza
Banilla-zotz bat
Laranja-birrindura


Errezeta hau egitea oso erraza da, ia-ia horrela laburtu dezaket: osagai guztiak bol batean ipini behar dituzue eta labean sartu baino lehen nahastu. Baina beno, ez naiz izango hain gaiztoa, meh meh meh!!

Beno, haiek hasi baino lehen, osagai guztiak prestatu zituzten eta bol handi bat bilatu zuten. Hori eginda zeukatenean, bolan irina ipini zuten eta erdi-erdian zulo bat egin zuten (hau da, sumendi baten modukoa).

Gero, poliki-poliki, legamia, ura, gatza, arrautzak, banilla eta laranja-birrindura zuloaren barruan ipini zituzten.

Osagaiak gehituta zeudenean, errezetako pausorik dibertigarriena hasi zen: nahasketa. Bai, nire ustez dibertigarria zen, baina haien aurpegiagatik oso astuna omen zela zirudien, eskuz egin zutelako ore uniforme bat lortu arte.

Azkenean, margarina deseginda gehitu zuten eta noski, berriro nahastu zuten (berriro nahasteko beharra izatea ere... gaixoak!!) Meh, meh, meh!!

Hori eginda zeukatenean, orea sukaldeko trapu baten azpian jalkitzen utzi zuten ordubetez, orearen tamaina bikoiztu zen arte.

Azkenik, gurpil bat egin zuten orearekin eta barruan bi opari/txorakeria ezkutatu zituzten. Segidan, opila apaindu zuten (egun hori arbendol zatituekin, baina posible da fruta azukreztatuak erabiltzea) eta arrautzarekin pintatu zuten.

Opila pintatuta zegoenean, labeko erretilu batean ipini zuten eta erretilua labean sartu baino lehen, labea aurretik berotu eta gero. Opila 15 minutu egon zen labean, 180 gradutara ipinita.

Ez dauka itxura industriala baina ez da txarra, ezta?


Eta hau gure 2011eko errege-opila izan zen:


Erregen opila


Benetan, oso goxoa geratu zitzaien (gainera polita, ezta?)... fruitu melatuekin, ains!!... eta pastel-krema hori.... primeran!! Oraindik biboteak milikatzen ari naiz.




2010-11-17

Makarroi budina urdaiazpiko eta gaztarekin

Miau! Nire jabeak berriro egin dute! Sukaldera joan dira janaria prestatzera! Baina ez pentsatu oraingo honetan prestatu dutena gauza zail bat dela, ez horixe, baina, nire ustez, oso plater berezia da. Gainera, plater hau prestatzeko egin behar den gastua oso txikia da. Beno, hasi behar naiz, haiek ez dakitelako nire biboteekin ordenagailua erabiltzen ari naizela errezeta hau azaltzeko. Bere izena “Makarroi budina urdaiazpiko eta gaztarekin” da. (Ai, urdaiazpikoa… miau, ze ona!)

Nire jabeak erabili zituzten osagaiak honako hauek dira. (Gogora ezazue haiek bi pertsona direla, eta, horregatik, agertzen diren kantitateak bi pertsonentzako dira).

· 125 gramo makarroi
· 100 gramo urdaiazpiko egosi
· 125 gramo gazta
· Tipula erdi
· Piper berdea edo gorria (Gehienez, piper bat).
· 200 gramo tomate trituratua
· 2 arrautza
· Jogurt natural bat
· Esnegain likidoa (180 ml)
· Ura
· Oliba-olioa
· Gatza

Hasteko, lapiko batean ura ipini zuten ontzia bitrozeramikan ipintzeko asmoarekin, ura bere irakite puntura heldu arte. Urari gatza eta olioa bota zioten eta, ura prest zegoenean, makarroiak barrura bota zituzten, egosten uzten zortzi minutuz.

Makarroiak lapikoan zeunden tarte horretan, nire jabeak piperra eta tipula zatitzen hasi ziren eta, amaitu zutenean, zartagin batean olioa berotzera ipini zuten, prest zegoenean moztutako osagaiak sartzeko. Osagai hauek prest egon zirenean, zartaginera bota zituzten. Bost minutu pasa eta gero, tomatea eta urdaiazpiko egosia (txikituta, noski) gehitu zituzten.

Barazkiak urre-kolorea lortu zutenean, makarroiak gehitu zituzten, hau guztia minutu pare bat uzten eta noizean behin nahastez.

Labeko erretilu bat forratu zuten labeko paperarekin. Segidan, makarroi geruza bat ipini zuten, erretiluaren hondoa estaltzeko. Hori lortu zutenean, gazta kubotan zatituta gehitu zuten. Urrats hori amaitzeko, gainerako makarroiak jarri zituzten.

Bol batean, jogurta, arrautzak, esnegaina eta gatz pixka bat bota zuten, ondo irabiatzeko asmoarekin. Irabiatuta zegoenean, makarroien gainean nahasketa hau bota zuten.

Azkenik, erretilua labean sartu zuten, (labea aurretik berotu eta gero, noski). Makarroiak 25-30 minutu egon ziren labean, 180 gradutara ipinita. Ah! bukatu baino lehen, aholku bat emango dizuet: hobeagoa da epeltzen uztea, makarroien zaporea hobetzen delako.

Amaitzeko, lortutako emaitza erakutsiko dizuet.


Makarroi budina urdaiazpiko eta gaztarekin


Primeran daude! Ziurtatzen dizuet.

2010-11-01

Oilasko izter beteak

Orain dela gutxi, nire jabeak berriro sartu ziren sukaldean beste plater berezi bat prestatzeko, eta, ains! Amaitu zutenean, zelako usain ona zeukan platerak (oraindik biboteak milikatzen ari naiz).

Oraingo honetan oilaskoa aukeratu zuten platera egiteko. Bai, badakit, ez zen arraina ezta mariskoa ere, baina buah, ez da hura baino gutxiago...

Osagaiak (bi pertsonentzat, noski) hauek izan ziren:

2 oilasko izter
½ kuiatxo
½ piper berdea
½ piper gorria
½ tipula
Tomate bat
Baratxuri bat
4 txanpiñoia
Gatza
Olioa

Hasteko, oilasko izterren hezurrak kendu zituzten. Zuek zuen harakinarekin konfiantza baldin badaukazue, berari eskatu ahal diozue, bestela, har ezazue ganibet bat eta beldurrik gabe, hezurrak kendu behar dituzue... nire jabeen moduan.

Betea egiteko, baratxuria lumatu eta txikitu behar duzue, gero, zartagin batean ipini behar duzue urraztatzeko. Segidan, kuiatxo, piper berdea eta txanpiñoiak txikitu behar dituzue zartaginean sartu baino lehen, gero zartaginean ondo egosten uzteko.

Ondo egosita zegoenean, haiek barazkiak iragazi zituzten, gehiegizko olioa kentzeko. Badakizue olioa ona dela baina, bere kantitate zuzenean.

Gero, oilasko izterrak hezurrik gabe hartu zituzten eta gatza eta piperbeltza ipini zieten. Izterrak ondo apailatuta zeudenean, haien barrualdean barazki batzuk ipini zituzten eta... txa txan!! Memento honetan nire memento gustukoena iristen da... izterrak josi. Haiek sukaldeko haria erabili nahi zuten, baina ez zeukaten etxean, beraz zotz batzuk erabili behar izan zituzten.

Izterrak itxita zeudenean, labeko erretilu batean sartu zituzten eta erretilua labean sartu zuten, labea aurretik berotu eta gero. Erretilua 20 minutu egon zen labean, 180 gradutara ipinita. Minutu hauek pasata, ozpina zorrotada bat bota zuten eta 5 minutu gehiago utzi zuten labean.

Bitartean, saltsa prestatu zuten eta, hori egiteko, zartagin batean piper gorria, tipula eta tomate bat (jakina, zatituak) ipini zituzten ondo erreta egon arte. Jarraian, irabiagailuagatik pasatu zuten, saltsa fina lortzeko.

Beno, bakarrik gauza bat falta da, eta hau platera eraikitzea da. Aizue, hemen adibide bat daukazue:

Oilasko izter beteak


Ups!! Oraintxe bertan konturatu naiz gauza batez, me me me!! Haiek zerbait berezi bat gehitu zuten, basmati arroz pixka bat. Primeran geratu zen (gutxienez, nire jabeen aurpegiek hori esan zidaten…).

2010-10-04

Etxeko patxarana

Gaur ez zaituztet gehiegi nekatuko, gaurko errezeta oso motza delako eta gainera, gehiegi hitz egiteko gogorik ez daukadalako (ez naiz etxeko erregea? Hori bada :oP).

Beno, egia esateko, gaur azaltzen dizuedan errezeta prestatzea oso erraza da eta, aldi berean, osagaiak lortzea oso neketsua izan daitekeelako (beno, agian basaranak dauzkazue etxeko lorategian, me,me, me!!).

Beno, banoa! … Gaur nola egin behar duzue etxeko patxarana azalduko dizuet.

Osagaiak hauek dira:

600 gr. Basaran
¾ lt. Anis goxoa
¼ lt. Anis lehorra
5 kafe pikor
1/3 kanela-zotz
Limoiaren azala zati bat

Konturatu zarete, ala ez? Beno ba, konturatu ez direnentzat osagai hauek patxaran litro bat egiteko direla esango dut. Bi litro nahi baldin badituzue, osagaiak bitik biderkatu behar dituzue. Hiru litro nahi baldin badituzue, hirutik biderkatu behar dituzue osagaiak. Eta horrela denbora guztian.

Beno, hemendik argi eta garbi dago, baina galdetuko didazue: Nola egin ahal dut etxeko patxarana?... Oso erraza da.

Botil edo bonbilla bat hartu behar duzue, eta barrualdean osagai osoak sartu behar dituzue eta kitto. Beno, kitto ez, ontzia leku ilun batean ipini behar duzue (oso garrantzitsua da, prozesua iluntasuna behar du, patxaran txar bat lortuko duzue baldintza hau betetzen ez bada).

Eta bakarrik gauza bat falta da: pazientzia, patxarana lortzeko lau edo bost hilabete behar direlako.

Azkenean, emaitza honako hau izango da:


Etxeko patxarana


Aizue, kontuz patxaranarekin, azken kopa normalean arriskutsua delako… me, me, me!!