2012-06-29

Tiramisu


Azken postean esan zintuztedanez, nire jabeei janari italiarra asko gustatzen zaie, eta noizean behin, plater italiar bat prestatzen dute bazkaltzeko edota afaltzeko. Ez dakit, baina agian, egun batean plater berezi bat prestatuko didate, baina... orain arte, nahiz eta plater pilo bat saiatu (pizzak, pastak, arrozak, etab), beti esaten didate: “hau ez da katutxo berekoientzat...”

Janari italiarreko errezetekin jarraituz, gaur postre goxo bat azalduko dizuet, “Tiramisu” deitzen da.

Entzun nuen arabera, “Tiramisu”a egiteko, errezeta pilo bat aurki dezakezue, baina beno, nirea (bai, nire jabeek egiten dute, baina nirea da, meh meh meh!!) oso erraza eta goxoa da.

Haiek, hurrengo osagaik erabili zituzten:

3 Gorringo
2 Zuringo
100 gr. azukrea
250 gr. mascarpone (gazta)
100 gr. bizkotxoa
150 gr. txokolate beltza
150 ml. Kafea
Hautseztatzeko kakaoa

Lehenengo urratsa kafe bat prestatzea izango da (kontuz, ez da hartzeko… hartu nahi  baduzue, bi kafe prestatu beharko dituzue, meh meh meh!). Kafea memento bat gorde ezazue.

Bol batean, zuringoak jarriko dituzue gazta pixka batekin eta, irabiagailu elektrikoaren laguntzarekin, elur-punturaino irabiatuko duzue. Hori eginda daukazuenean, elur-puntuari atseden hartzea utziko diozue minutu pare bat.

Bitartean, beste bol txikiago batean, azukrea eta gorringoak ipiniko dituzue eta eskuko irabiagailuarekin, ondo nahastu beharko duzue, ore krematsu eta erregularra lortu arte. Ore horrekin, mascarponea nahastuko duzue, berriro ore krematsu eta erregularra lortu arte.

Honaino, guztia ondo? Bai, ezta? Beno, bakarrik falta zaizue platera prestatzea…

Bizkotxo bat hartuko duzue eta kafean bustiko duzue (kontuz, bakarrik pixka bat) eta katilu batean ipiniko duzue (molde bat aurkezteko... edo zerbait polita). Urrats hau errepikatu beharko duzue oinarria osatu arte, jarraian, goian mascarponeko orea zabalduko duzue. Lehenengo maila bukatzeko, txokolate beltza birrindua bota beharko duzue.

Erraza, ezta? Bai... Beno, azken urrats hauek errepikatu beharko dituzue moldea bete arte, hori bai, mascarpone geruza batekin amaituko duzue eta gainean, txokolate pixka bat hautseztatuta botako duzue.

Hau da emaitza posible bat:



Postre hau goxo-goxoa da, gainera, amaiera bikaina da edozein afari edo bazkarirako.

No hay comentarios: